Administrazioa
Albisteak
Follow @lasarteoria
Dantzari Eguna eta Dantzari Txiki Eguna ospatuko dira
Kultura - Dantza


Asteburu honetan Dantzari Eguna eta Dantzari Txiki Eguna ospatuko dira Okendo Plazan, Erketzek antolatuta. Aurtengo talde gonbidatuak Faltzeskoa eta Andoaingoa dira. Jesus Zaballos alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotzia lagun zuela, eta Erketz dantzari-taldeko kideek gaur goizean aurkeztu dituzte Euskal Herriko herri-dantzei eskainitako bi egun horiek. Alkateak eskertu egin ditu Erketzek egindako lana eta bisitatuko gaituzten taldeen parte-hartzea, eta lasarteoriatarrak bi egun horietan parte hartzera animatu ditu.

Larunbat 28an 18:00etan desfilea hasiko da Zumaburu eskolatik Kale Nagusitik zehar Okendoraino. Desfilean bi geldialdi egingo dira dantzena aurrerapen eskaintzeko: lehenengoa Zumaburuko Zaharraren Egoitzaren parean eta bigarrena Zentroko Autobus Geltokian. Gero, 19:00etan, Okendo Plazan, Lasarte-Oriako II. Dantzari Eguna ospatuko da, parte-hartzaileak hiru talde hauek izango direlarik: Faltzesko Makaia, Andoaingo Urki eta Lasarte-Oriako Erketz. Talde bakoitzak 20 minutu inguruko emanaldi egingo du. Euria egiten badu, jaialdia Kulturetxera lekualdatuko da.

Igande 29an, egun osoan zehar, Dantzari Txiki Egunaren XXVIII. edizioa ospatuko da. Programa 11:00etan hasiko da, parte-hartzaileak Isla Plazara iristearekin batera. 11:30ean taldeka, trikitilari bikote baten laguntza dutelarik, Lasarte-Oriako auzoetan zehar prestatuko dantzak eskainiko dituzte. 16:30ean taldeen elkarretaratzea egingo da Okendo Plazan, handik 16:45ean desfilea abiatzeko, Hipodromo Etorbidean, Tajamarko biribilgunean eta Kale Nagusian barrena, eta ostera Okendo Plazara itzultzeko. Plaza horretantxe izango dira, 17:00etan, taldeen emanaldiak. Talde bakoitzetik bikote batek Agurra dantzatuko dute oholtza gainean. Gero talde bakoitzak dantza bat edo bi eskainiko ditu eta, amaitzeko, talde guztiak elkarrekin ikuskizunari amaiera emateko Fandango, Arin-arin eta Kalejira bat egingo dute. Egun horretan parte hartuko duten taldeak sei dira: Faltzesko Makaia, Errenteriako Ereintza, Lasarte-Oriako Kukuka, Sestaoko Salleko, Usurbilgo Orbeldi eta Lasarte-Oriako Erketz Txiki. 200 ume inguru ibiliko dira herrian zehar urtean ikasitako dantzak eskainiz. Aurten Tirriki-Tarraka trikitixa taldea izango dugu gurekin herria girotzen eta alaitzen. Euria egiten badu, emanaldiak Michelingo frontoira lekualdatuko dira.

 
Copyright-a © 2021 Lasarte-Oriako Udala. Eskubide guztiak gordeta.