Administrazioa
Albisteak
Follow @lasarteoria
Etxean zaintzearen erronka: zaintzaileei zuzendutako laguntza-taldeak babeserako neurri bezala
Kultura - Hitzaldiak

Urtarrilaren 26an, asteartean, 18:00etan, Etxeko Hitzaldiaren Aretoan Karmele Gurrutxaga psikologoak "Etxean Zaintzearen Erronka: Zaintzaileei Zuzendutako Laguntza-Taldeak Babeserako Neurri Bezala" hitzaldia doan emango da. Mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonen zaintzan diharduten familiek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politiketako Departamentuak sustatutako Sendian Programaren bitartez, besteak-beste, dohako aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak eskura dituzte. Laguntza taldearen kasu konkretuan, gai hauetan aditua den psikologo batek zuzentzen du; Karmele Gurrutxagak, hain zuzen ere. Lasarte-Orian badira dagoeneko 4 urte aipatutako programa honek martxan dirauela, eta hilean bi aldiz elkartzen dira Villa Mirentxun (Udal Gizarte Zerbitzuetan).

Talde hauetan mendekotasun egoeran dauden pertsonekin elkarbizi diren eta Udaleko gizarte-langileei zerbitzu honek eskaera egin dieten familiek parte hartu dezakete.

Laguntza-talde hauen funtsa, egoera berean dauden beste zaintzaileen egoerak partekatzeak dakarren onuretan oinarritzen da; antzerako esperientzia eta arazoak ezagutu, eta bide-batez, ibilbide horretan ikasten joan diren hobekuntzak elkarbanatu. Babeserako terapia gisara  funtzionatzen dute eta elkarkidetza errazten dute.

Zentzu bikoitzean dihardute talde hauek. Batetik zaintzaile gisara ari direnei mesede egiten die, izan ere euren sentimendu, pentsaera, beharrizan eta aspektu atsegin eta ez hain atseginak partekatzen dituzte; eta bestetik, partekatze honek zaintzailearen bizitza normalizatzea ekartzen du. Oso ohikoa izaten da "ez naiz hau gertatu zaion pertsona bakarra" gisakoak pentsatzea, eta honek lasaitu egiten ditu. Areago, mendekotasun egoeran dagoen pertsona eta familiarekiko harremanen mesederako izaten da, zaintzaileak bere burua zaintzeko espazio bat hartzen duelako, bereziki.

Talde hauetan parte-hartzen dutenen gehiengoa emakumezkoa izan ohi da, 60 urte baino gehiago dituena, ezkondua eta bere ezkonkide edo gurasoak zaintzen dituena. Hala ere, azken urteotan, gero eta gehiago dira zaintza lanetan diharduten gizonezkoak: mendekotasun egoeran dauden emazteetaz arduratzen diren senarrak, eta euren guraso edo beste familiko kideak zaintzeaz arduratzen diren semeak, esaterako. Zaintzaile hauen bataz-besteko adina ere murrizten ari da. Sarri askotan, zaintza lanak bestelako laguntza zerbitzu gehigarriekin eta eguneko zentruan parte-hartzearekin osatzen dira.

 
Copyright-a © 2020 Lasarte-Oriako Udala. Eskubide guztiak gordeta.